lunes, 24 de enero de 2011

2011/01/30 - Urteko 4. igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko urtarrilaren 30a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Urteko 4. igandea (A)

EBANJELIOA

Dichosos los pobres en el espíritu

+ Mateo 5, 1-12a

Jendetza ikusirik, Jesus mendira igo zen. Eseri eta ikasleak hurbildu zitzaizkion. Orduan, honela hasi zitzaien irakasten:
«Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, haiek baitute Jainkoa errege.
«Zorionekoak negarrez daudenak, haiek baititu Jainkoak kontsolatuko.
«Zorionekoak bihotz gozokoak, haiek baitira jabetuko Jainkoak hitzemandako lurraz.
«Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeko gose-egarri direnak, haiek baititu Jainkoak aseko.
«Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango.
«Zorionekoak bihotz-garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa.
«Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko.
«Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeagatik erasotuak, haiek baitute Jainkoa errege.
«Zorionekoak zuek, niregatik madarikatuko zaituztetenean, erasoka eta gezurrez gaizki-esaka erabiliko zaituztetenean. Poz zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria zeruan.

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko urtarrilaren 30a

EBANJELIO IZAERAGOKO ELIZA

Zoriontasunak formulatzean, Mateok, Lukasek ez bezala, kezka handia izan du Jesusen jarraitzaileak izan beharko lituzkeen ezaugarriak marrazteko. Horra zergatik diren garrantzizkoak guretzat, Elizak, gizarte sekulartu honen baitan egoteko, kristau-molde bat bilatzen jardun behar duen aldi honetan.
Ezin da proposatu Jesusen Berri Ona nolanahi. Ebanjelio-jarrera biziz bakarrik zabal daiteke Ebanjelioa. Elizaren jarduera arnastu beharko lukeen espiritua adierazten digute zoriontasunek, Aitaganantz erromes doan bitartean. Bakoitzaren eta elkartearen konbertsio-jarreraz entzun beharko genituzke. Horrela bakarrik egiten ahal dugu etorkizunerako bidea.
Zorionekoa Eliza, «espirituz pobre» eta bihotzez xume dena, handi-mandi eta harro izan gabe diharduena, aberastasunik eta eder-minik gabe, makulu bakarra Jesusen aginte apala duelarik. Harena da Jainkoaren erreinua.
Zorionekoa Eliza, negar dagitenekin «negar» egiten duena, eta pribilejioak eta boterea kendu dizkiotelako sufritzen duena; hobeto partekatu ahal izango baitu galtzaileen zoria, baita Jesusena ere. Egun batean Jainkoak kontsolatuko du.
Zorionekoa Eliza, bere mezua indarrez, bortxaz edo zapalketaz ezartzeari uko egiten diona, beti bere Maisu eta Jaunaren otzantasuna praktikatuz. Egun batean hitzemandako lurraldea heredatuko du.
Zorionekoa Eliza, «zuzentasunaren gose-egarri dena», bai bere baitan bai mundu osoan, zeren bere konbertsio bila ibiliko baita eta guztientzat bizitza zuzenagoa eta duinagoa nola egin bila, azkenak direnengandik hasita. Jainkoak aseko du haren desioa.
Zorionekoa Eliza errukibera, zorrozkeriari uko egin eta oparien aldean errukia gogokoago duena, zeren onartu egingo baititu bekatariak eta ez die ezkutatuko Jesusen Berri Ona. Errukia iritsiko du Jainkoagandik.
Zorionekoa Eliza, «bihotz-garbi dena eta jokabide gardenekoa, bere bekatua ezkutatzen ez duena, ezta sustatzen ere ezkutukeria eta anbiguotasuna, zeren Jesusen egian ibiliko baita. Egun batean Jainkoa ikusiko du.
Zorionekoa Eliza, «bakearen alde» eta gerlaren aurka borroka dagiena, bihotzak bateratzen dituena eta adostasuna ereiten, zeren munduak ezin eman duen Jesusen bakea kutsatuko baitu. Jainkoaren alaba izango da.
Zorionekoa Eliza, justizia dela-eta etsaitasuna eta pertsekuzioa jasaten duena, martiritzari berari uko egin gabe, zeren biktimekin negar egiteko gai izango baita eta Jesusen gurutzea ezagutuko baitu. Harena da Jainkoaren erreinua.
Gaur egungo gizarteak zoriontasunen espiritu honek markaturiko kristau-elkarteak ezagutu beharra du. Ebanjelio-izaerako Elizak bakarrik izan lezake agintea eta sinesgarritasuna, gaur egungo gizon-emakumeei Jesusen aurpegia erakutsi ahal izateko.

José Antonio Pagola


Locations of visitors to this page

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.